| Loiolako
Santutegiaren istoria eta han zer dagoen.
Loiolako Inazio 1491an jaio zen, 1556an hil, 1609an egin
zuten dohatsu eta 1622an santu. Baina, Inazio santu egin
eta handik 59 urtera bakarrik, 1681an, egin ziren jesulagunak,
bere fundadore eta aita jaiotako eta Jainkoagana bihurtutako
Dorre-Etxearen jabe. Eskualdatu Alcañizasko eta Indiasko
Oropesako Markesek egin zuten, Loiolako Jaun eta Errege
Maiorazgoaren oinordeko zirenez gero, haiek bait ziren une
hartan etxondoaren jabe. Eskualdatze hau
Austriako Mariana Andrearen,
II. Karlosen ama erreginaren bidez egin zuten. Horrela
Austriako dinastia hau Santutegiaren
Errege Fundadore bihurtu zen. Santutegiko erdiko
bailagibelean harlau eder batek gogoratzen
du eskualdatze hau.
Garai hartako eder-zentzuak apostoluen hilobiak, Asisko
Portziunkula eta Loretoko Etxe Santua Santutegi haundi barrutan
sartu zituzten. Horren arabera, Loiolako Dorre-Etxe zaharra,
erliki bezala, dagoeneko Etxe Santutzat hartua, arkitektura-erliki
toki haundi baten barruan sartzeko erabakia hartu zuten.
Hura eraikitzeko proiektua, Lagundiko Aita Jeneralak, Juan
Pablo Olivak (1664-1681), Italiako arkitektu, Bernini'ren
ikasle, Carlo Fontanari (1682-1686) enkargatu zion. Aita
Oliva 1681an hil zenean, haren ondorengo jeneralak, A. Karlos
de Noyellek (1682-1686), proiektua Loiolara bidali zuen
eta proiektuak zioena zehatz-mehatz ejekutzeko agindu zuen.
Fontanak marraztutako eta gaur egina dagoen eraikuntza
haundiak 150 metro zabaleko aurrekaldea aurkezten du. Bere
erdian zirku-eleiz haundia dago; eleiz aurrean arkupe bat
eta bere gaina kupulak estaltzen du; kupula horrek tanbor
baten gainean hartzen du oin eta kupula-buru literna eder
bat. Santutegiak bere bi aldetan ego bi haundi zabaltzen
ditu, eta, atzealdera, erdiko gorputz batek luzatzen du.
Bata bestearen gaineko hiru solairu hauek lau atikok burutzen
dituzte, ego bakoitza atiko bik.Egitura trinko hau, barruan,
jatorrizko proiektuan, lau barru bailagibel haundiek arintzen
zuten. Eraikuntza trinko honen ederra, batez ere, arkitektura-gorputzen
neurrien orekak, hutsak nola banatzen diren, egiteko erabili
diren marmol gris edo rosatuen tono eta gai onak nabarmentzen
du.
Plano gainean, zeredozer aldaturik egindako etxadi oso
hau, harrizko arrano haundi bat bezala agertzen da; eraikuntza
hontan, erlikia, hau da: Etxe Santua, zirku eleiz eta egoaldeko
ego tartean kokatua eta babestua dago. Loiolako Santutegiaren
eraikuntza bitxiena den Etxe Santuko ataria eta barruko
lau solairuak nahiko zabal azaldu ditugu.
Zirku-eleizaren bestaldean, Etxe Santuak betetzen duen
simetro-tokia, Loiolako Jauretxe eta errege-maiorazgoaren
oinordekoentzat bereizia dago.
|