|
Ipar-ekialdeko atariko ertza:
ikustaldi hasiera.
Loiolako Dorre Etxe hontan jaio zen 1491an Inazio santua,
Espiritu Ejertzizioak Liburuaren egilea eta Jesusen
Lagundia fundatu zuena, eta
hemen bihurtu zen Jainkoagana 1521an. Gaur Dorre Etxea,
erliki bitxi bezala, Zirku-Basilikaren eta Kolegioaren ezker
egoaren tartean sartua dago, baina ipar-ekialdeko ertz hontatik
haren aurpegi bi osoak eta eksenptuak ikus daitezke.
Ataritik antzinako
Dorre Etxean zera da guztiz nabari, bata bestearen gainean
dauden dorre-zati biak:
1- Beheko erdia,
harrizkoa, ia leihorik gabea: benetako gaztelu gogorra,
Inigoren erenaitonak, Loiolako Beltran Ibañez'ek,
XIV. gizaldi azken aldera eraikia.
2-
Goiko erdia,
arriluzkoa, leiho asko eta ertzetan apaintzeko lau zaitxol
dituena, mudejar txibist koskarekin apaindua: jauregi itxura
gehiago du guda dorre itxura baino; 1460an Inigoren aitonak,
Loiolako Juan Perez'ek, eraiki zuen berriz, herbestetik
itzuli zenean, hara zigortu baitzuen Kastilako erregeak.
Atearen ezker aldean
brontzezko grupo bat: Loiolako
Inigo, Iruñako gaztelua defenditzean oso larri zauritua,
bere jaiotetxera datorren unean. Hau 1521.go ekain azken
aldera gertatu zen.
Egoera larrian aurkitzen
den gizona da: ez daki bizirik aterako den, ez daki bere
soldadu eta gorte bidean jarraitu ahal izango duen. Gutxiago
daki oraindik, Loiolan sendatzen doala, Jainkoa haren zai
dagoela, haren bizimodu osoa kolokan ezartzeko, eta hari
konbertsio
sakona sentiarazteko.
Konbertsio honek
ondorez Eleiz istorian arrasto sakona utziko du eta berak
Dorre Etxe hau Etxe Santu
egingo du.
Ate gainean Loiolako
armarria: lapikoa laratzetik zintzilika, albotan
bi otso erpekari dituela.
Inigoren garaian jatorria eta armak birenak ziren:
- Oñazko armak
(zazpi xingola gorri urrezko kanpo gainean).
- Loiolako armak (lapikoa,
laratza eta otso erpekariak zilarrezko kanpoan).
|